GIZA ESKUBIDEEN ALDARRIKAPEN UNIBERTSALA
HITZAURREA
Kontuan izanik munduko askatasuna, justizia eta bakea giza familiako kide
guztien berezko duintasunean eta eskubide berdin eta ukaezinetan oinarritzen
direla;
Kontuan izanik giza eskubideak ez ezagutzearen eta gutxiestearen ondorioz,
giza kontzientziari irain egiten dioten basakeriak gertatu izan direla; eta gizonemakumeek, beldur eta gabezia orotik aske, hitz egiteko askatasuna eta
sinesmen-askatasuna izango dituzten munduaren etorrera aldarrikatu dela
gizakiaren helburu nagusi;
Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen
batek babestea, gizakia-tirania eta zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den
matxinadara jo beharrean aurkitu ez dadin;
Kontuan izanik ezinbestekoa dela, baita ere, herrialdeen artean harreman
lagunkoiak bultzatzea;
Kontuan izanik Nazio Batuetako kide diren herriek gizakiaren oinarrizko
eskubideetan, gizakiaren duintasun eta balioan eta gizonen eta emakumeen
eskubideen arteko berdintasunean duten fedea tinko azaldu dutela Agirian; eta,
askatasunaren ikuspegi zabalago baten barruan, gizarte aurrerakuntza
sustatzeko eta bizitza-maila jasotzeko erabakita daudela adierazi dutela;
Kontuan izanik Estatu Kideek, Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean,
gizakiaren oinarrizko eskubide eta askatasunen begirune orokorra eta
eraginkorra ziurtatzeko hitza eman dutela;
Kontuan izanik emandako hitz hori osotasunean betetzeko garrantzi handikoa
dela eskubide eta askatasun horiek berdin ulertzea;
BATZAR NAGUSIAK
GIZA ESKUBIDEEN ALDARRIKAPEN
UNIBERTSAL HAU EGITEN DU