Herri eta nazio guztiek izan beharreko jomuga legez, bai norbanakoek eta bai
erakundeek. Aldarrikapen honetan etengabe oinarrituta, alde batetik, eskubide
eta askatasun hauen begirunea bultza dezaten irakaskuntzaren eta
hezkuntzaren bidez eta, bestetik, nazio mailan eta nazioarte mailan arian-arian
neurriak hartuz, era eraginkorrean eta orokorrean ezar daitezen ziurtatzeko, bai
elkarkide diren estatuetako herrien artean eta baita horien eskumenpean dauden
lurraldeetan ere.
1. atala
Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak
dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide
legez jokatu beharra dute.
2. atala
Gizaki orori dagozkio Aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta
askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza,
erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi
maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik.
Ez zaio begiratuko gainera, pertsona zein herrialde edo lurraldetakoa den; ezta
hango politikari, legeei edo nazioarteko egoerari, nahiz eta herri hori burujabea
izan, besteren zainpeko lurraldea, autonomiarik gabea edo nola-halako
burujabetasun-mugak dituena.
3. atala
Norbanako guztiek dute bizitzeko, aske izateko eta segurtasunerako eskubidea.
4. atala
Inor ez da izango besteren esklabu edo uztarpeko; debekatuta dago esklabutza
eta esklabuen salerosketa oro.